Gerra zinema eta zinema belikoa ez dira gauza berdinak. Horrela erakutsi digu Nolan-ek bere azken filmean, orain arte, eta adituen onespenarekin, gauza berdina direla esan badigute ere. Are gehiaho, ezin ditugu film belikotzat hartu Pearl Harbour antzeko pelikula -txar- amodiozkoak. Gainera, normalean belikotzat jo ditugun filmak ere, askotan komandoen zintak baino ez dira, abenturazko istorioak gerra bateko testuinguruan, hain zuzen. Baina, tira, horiek, akzio militarrak, elitezko taldeen akzioak kontatzen dizkigutenez, zinema belikotzat hartzea egokia dirudit. Nolan-en Dunkerque, ordea, gerra zinema da.
Entzun izan dut, orain arte egin diren kritiken artean, Nolan-en pelikula dokumental moduko bat dela. Oso aproposa iruditu zait horrelako katalogazioa. Izan ere, Nolan-ek ez du intra-istoriorik irudikatzen gerra garaiko historia erreal honetan. Kamera jarri eta izan zela hartu nahi izan du direktore britainiarrak. Gerra, modu gordin eta latz batean islatu. Barneko erlazio pertsonalak eta horrelakoak ez dira gerra garaiko epopeia erreal batean kabitzen, gerratik harago ez, bederen. Gerran -filmean- ez dago arnasbiderik. Pozteko egoera bakarra, biziraupena irabaztea da. Astero, egunero, minuturo, bizitza kontserbatzeko borroka horretan jarraitzea. Amodioa, hitz egitea, barre egitea, bizitza normal bateko atsegite arruntak, gehiegizkotzat hartzen dira gerra egoeran, apartak bezain luxuzkoak. Bigarren Mundu gerrari buruzko zerbait ez dakienak, edota nazismoa hutsaltzen egon den tipo zatarrak, ez du ulertuko lehengo minutuetan Nolan-ek transmititu nahi izan digun terrore sentsazioa. Naziak ate joka...Wehrmacht ikusezina… Egia esateko, ez du ulertuko film honen zakarkeria irmoa. Ondare hutsala, kostaldearen puntu horretan, etxeko osotasunetik hain gertu baina hain urrun aldi berean. Nolan-ek horrelako interpretazioa eskaintzen digu: denbora baino distantzia neurtzen dituzten argi urteek bezala, asteak, egunak eta minutuak etxerako bidea hasteko distantzia neurtzeko denborazko balioak dira. Bizia bizitzeko distantzia absolutuak. Hots, zenbat denbora behar da biziraupena –bizia, biologikoa- bizitza bihurtuko duen distantzia egiteko ? Horixe da justu, Dunkerque-k esaten diguna. Gerra garaian,eta hori da nire ustez, direktore britainiarrak hobekien islatzen duen gauza, ez dago bestelako erlazio pertsonalak egiteko aukerarik. Akaso gerra bukatu orduko ernatuko da adiskidetasuna. Gerra garaian, ordea, lagunak baino ez (frantsesez, compagnon edota gaztelerazko compañero moduan ulertua). Hondartzan noraezean ibiltzen diren gizon baldres horiek lagundu ahal duten pertsonak baino ez dira. Erlazio pertsonaletatik harago dagoen gauza moduan ulertu ahal dugu, beraz, horrelako lagunartekotasuna, ez delako zehazki behar adiskidetasuna esfortzu kolektiboak egiteko. Horrela, gerra (kapitalistek antolaturiko gerra), autore anitzek ja esanda utzi zuten moduan, herri klaseak iraultza antolatzeko entrenamendu eremu bihurtu ahal da. Biziraupenerako esfortzuak kolektiboak izan behar direnez, kolektiboa bere kolektibotasunez kontziente egiten hasten da. Funtsean, orduan, denbora-espazioa eta laguntasuna lantzen duen film bezala ulertu behar da Nolan-en metrajea –edo metraila-. Sentimentalismo astunenean hondoratzen ez digun olatu indartsu eta mailukaria.
0 Comentarios
|